Doluan den familia laguntzeko laikoak

Duela zonbait aste, Frantzia behere horietarik jin batek erraiten zautan bere bihotz barneko mina. Amaren ehorzketetan, emazte batek kudeatu zuen elizkizun guzia. Apezik etzen agertu ere. Pentsu zuen amarentzat apez bat izanen zela mezaren erraiteko. Konprenitzen nuen haren baitan zen ximikoa. Ez gira oraino hortan gure herrietan. Urratsez-urrats hortaratuko gira. Ezin erran noiz.

 

Elizari ez delarik zerbitzurik galdatu hamar bat urtez eta holako kasuan galdatzen delarik, girixtionak estonatuak dira. Kasu horietan, berak hunkiak direlarik begiak zabaltzen dituzte. Ez dira konduerrendatzen, hamar urte horietan Elizak egin duela bide. Bainan berak gelditu dira duela hamar urte egin duten azken urratsean.

 

Larrungo Izpiritu Saindua parropian, beste parropietan bezala ba ditugu 3 talde, herri bakotxean bat, « Doluan den familia laguntzeko laikoak. » Herriko apezak ikusten du bai, doluan den familia. Bainan laster eskua pasatzen du laiko taldeari. Hok ikusten dute familia eta horrekin preparatzen ehorzketako elizkizuna, eukariztiarekin edo eukariztia gabe. Familiek, hortarat preparatuak izan direlakotz, onhartzen dituzte. Ainitz da hori. Konprenitua dute bataiatu bezala egiten dutela urrats hori. Batzuetan familiakoek berek edo adixkideekin preparatzen dute zeremonia barnetasunekin eta ederki. Familia bat doluan delarik, girixtinoen familia osoa da doluan. Kasu hortan apezek eta girixtinoek elgarrekin egiten duten urratsa, fingi sustatua da. Elizak parte hartzen du guzien sofrikarioetan eta esperantzan.

  

Lehen ere zerbait egiten zen doluen kasu huntan. Ikus oraino zer toki hartzen duen eta zer kargu duen lehen auzoak. Etzen beharbada orai bezanbat arrazoinkatzen urrats hori. Kanpotik etorriak direner eta herriko ohiduretan sartu nahi dutener, orhoitarazten dakotet urrats horren erran nahia. Herriko hil guzientzat kurutze bera da. Kurutze berak du herriko girixtinoen arteko lotura egiten.

Urrats desberdin horiek ez dira kutur alorrekoak bakarrik. Ongi etorria egiten duen, maitasuna agertzen duen eta otoitz egiten duen girixtinoen familiaren bizitik zerbait erakusten daukute.

 

Diosesa batzuetan, hastean erran bezala, apezaz bestalde, laiko batzuek eskutan hartzen dute ehorzketen elizkizuna. Beste toki batzutan egiten dena, hemen ere egun batez eginen da. Ez da desira xoil bat. Behar bat izanen da. Deituak dira eskutan hartzerat “ Heriotze eta doluaren inguruan diren girixtino urratsak eta ehorzketen elizkizuna”.